XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1820-1823 bitartean Amperek esperimentu sistematikoak egin zituen korronteen eta imanen arteko eragina aztertuz.

XIX. mendeko bigarren hamarkadan lan garrantzitsu eta oinarrizkoak egin ziren, garrantzitsuenak hauek izan zirelarik:

- 1821. urtean Faradayk korrontedun hari batek iman baten poloaren inguruan jasaten duen errotazioa aurkitu zuen.

- 824. urtean, berriro Faradayk, disko eroale batek iman baten poloen artean egindako errotazioak imana arrastatu duela aurkitu zuen.

- 1826. urtean Sturgeonek lehen elektroimana eraiki zuen solenoide batez baliatuz.

Are eta garrantzitsuagoak izan ziren ondoren egindako aurkikuntzak, horien artean hauek bereiz daitezkeelarik:

- 1831. urtean Faraday iman baten eta eroale baten arteko higidura erlatiboak sortzen duen indukzio elektromagnetikoaz jabetu zen.

- 1831. urtean Henryk autoindukziozko indar elektroeragilea aurkitu zuen.

- 1834. urtean Faradayk elkar-induziozko indar elektroeragilea aurkitu zuen.

- 1834. urtean Lenzek bere izeneko lege ospetsuak enuntziatu zituen.

Geroago, 1856. urtean, Weber eta Kohlrauschek neurketa-sistema elektrostatikoaren eta elektromagnetikoaren arteko erlazioa atera zuten, zertxobait lehenago Sir W. Thompsonek ezarritako funtsezko hiru magnitude mekanikoetan oinarriturik.

Oinarri hau faltsua bazen ere, fisika teoriko eta esperimentala koalitatibo eta koantitatiboki argitu egin zituen.

Une honetara iritsita, hipotesi eta teoria ezberdinak egitura zientifiko batean sistematizatzeko beharra somatu zen.

Lan hori 1873. urtean James Clerk Maxwellek egin zuen.

Ekintza elektriko eta magnetikoak, eraginpean zegoen substantzia aurkitzen zeneko espazioaren funtziopean zeudela esan zuen, Faradayren ideia garatuz.

Teoria honek desplazamendu-korrontea aurrikusi eta deduzitu zuen; baita argiaren abiaduran energia hedatzen duten uhin elektromagnetikoak ere.

Hamabost urte geroago, 1838. urtean, Hertzek Maxwellen aurrikuspenak frogatu zituen bere zirkuitu oszilatzaile ezagunei esker.

1901. urtean Marconik uhin hauek haririk gabeko komunikazio telegrafikoetarako erabili zituen.

Harrezkero fisika modernoaren teoria mikroskopikoak eta uhin-teoriak garatzen ari dira, elektromagnetismoaren teoria eta teknika makroskopikoak atzean utziz, eta ondorioz elektromagnetismoa bektore-eremu bezala ikusteari utzi egin zaio. Hala ere, teoria eta teknika hauek balio ertainetarako erabilgarri izaten segitzen dute.